Xabier Montoia

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2012ko mar. 6a, 12:12

azala-monti1

Ia hamarkada bat Xabier Montoiak diskorik argitaratzen ez zuela eta azkenean Montoiaren Mundu Miresgarria kaleratu du, bere bakarkako ibilbideko bosgarrena (nahiz eta tartean ofizialki argitaratu gabeko Deus Gutti ere baden)  hamar abestiz osatua. Esan daiteke inoiz baino biluziago agertzen dela Montoia, Ibon Rodriguez eta Maite Arroitajauregiren laguntzarekin, pianoa, biolontxeloa eta gitarra nagusi diren disko batean, baxua eta bateria alde batera utzita. Aurreko lanetan, rock-eroago agertzen zen batzuetan, elektronikoago beste batzuetan, baina oraingoan kantuen muinera jo du. Bere ibilbideko abestirik klasikoenak bildu dituela pentsa daiteke.

Musikari izateaz gain, Montoia idazlea ere badela ezin ahaztu. Ondorioz bere abestiak janzten dituzten hitzek garrantzi berezia hartzen dute entzulearentzat. Amodioa orokorrean, pertsonen arteko harremanak, gezurrak eta egiak, gizakioi buruz idazten ditu Montoiak bere abesti gehienetako hitzak, orokorrean nahiko ikuspegi ezkor batetik, espeziearengan inolako itxaropenik ez duenaren seinale. Baina Montoiaren Mundu Miresgarria diskoan abestiak bere osotasunean, argiagoak, positiboagoak dirudite, instrumentazio klasiko eta garbi horren ondorioz agian.

Zuzenean ikusteko aukera izanez gero, ezin galdu, Montoiaren presentzia hutsak errespetua ematen baitu eta ahots sendo zein berezi horrekin Ibon eta Maiteren instrumentuen laguntzaz ileak tente jartzeko moduko abestiak sortu baititu.

 

2012-02-20

Egilea: Eñaut Iraeta

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide