Zurrukutuna

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2012ko ots. 21a, 13:30

Osagaiak:

  • Olioa
  • Baratxuria
  • Oilasko salda (Starlux, gallina blanca…)
  • Zopako ogia
  • Pikotxo piperrrak
  • Txorizo piperren haragia
  • Azukrea
  • Gatza
  • Pirrauts mina
  • Piperrauts goxoa
  • Bakailao solomotxoak

Nola egin: 

Honekin guztiarekin hasteko emanen dugun lehen urratsa izanen da zopako ogia hartzea eta xerra finetan moztea. Ogia arraso xerratua dugunean,  plater batean utzi eta bazterrean utziko dugu beranduago erabili ahal izateko.  Bigarrenik, baratxuri aleak hartu eginen ditugu eta zuritu. Behin zuriturik ditugunean, xafla finetan xerratuko ditugu. Horiek ere erreserbatu eginen ditugu beranduagorako.

Oraintxe da momentua lapikoa sutan paratzeko eta bertara oliba olioa botatzeko. Olioa franko bero dagoenean baratxuri xerrak erantsiko ditugu eta “dantzan” utziko ditugu istant batez, baina kontuz ibili behar dugu baratxuria gorritu ez dadin sobera orduantxe gustu mikatza hartzen baitu. Halaxe gabiltzala, astia ailegatu da xerraturiko ogia oilotara botatzeko eta koilara baten laguntzaz bulta batzuk emateko ogi puskek olioaren gustua har dezaten. Hori guztia burutua dugula oilasko salda erantsiko diogu eta harekin batera gatza eta txorizo piperren haragia. Bertan  irakiten utziko dugu ogia ongi-ongi beratu arte.

Bitartean, bakailaoari helduko diogu. Bertze ontzi batean (agian, hobeto padera baldin bada) bost bat koilarakada oliba olio paratuko ditugu berotzen. Olioa ez da sobera berotu behar, eta epel dagoenean, bakailao zatia bertan sartuko dugu bere azala goiko aldera duela. Bakailao zatiak ez du inola ere frijitu behar, are eta gehiago, egosi egin behar baitu. Konturatuko gara bakailaoa garden izatetik zuri izatera pasatuko dela. Halako kolorea hartzen duenean, kontu handiz atera behar dugu zartaginetik eta plater baten gainean utzi. Paderarekin ere bertze hainbertze egin behar dugu, sutatik atera, alegia, eta hozten utzi. Paderako olioa franko hotz dagoenean, atera eginen dugu olio gehiena edalontzi batera.  Orduantxe hartu egin behar dugu iragazkia eta paderako olioa irabiatu eginen dugu  hozturiko olioa mantso-mantso erantsiz. Gauzak ongi egin baldin baditugu, antzemanen dugu pil-pila egina dugula. Halaxe baldin bada, bertan utzi eta piperrei ekinen diegu.

Oraingoan piperren txanda da.  Oraintxe arte bezalaxe, olio koilarakada bat jarri dugu ontzi batean  eta bertara baratxuri ale baten erdia xerratuko dugu.  Orduantxe, pikotxo piperra hartuko dugu eta bertan jarriko dugu, eta  gatza eta azukre pixka batekin  irakiten utziko dugu hamar bat minutuz. Hori egin ondoren, piperra zartaginetik atera eta xerratu eginen dugu.

Nola aurkeztu:

Aproposena da zurrukutuna kristalezko katiluan aurkeztea honelaxeko  moduan: azpi azpian burruntzalikada bat zopa. Ondoren, bakailao konfitatua eta haren gainean pil-pil saltsa apur bat. Guztiaren gainean pikotxo piper zerratua paratzea besterik ez da egin beharko.

 

 


Egilea: Patxi Irigoien Goia


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide