alea.eus

25 urte bete ditu Valderejok

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-03-16 15:34   Ingurumena  Añana  Gaubea

Hogeita bost urte bete dira Gaubeako Valderejo natur parkea izendatu zutenetik; historia berreskuratzeko eta balio naturalak nabarmentzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

 

25 urte bete ditu Valderejok
Eko-ibilbide bat Valderejoko parke naturalean | Ikusi handiago | Argazki originala

25 kandela piztu ditu Valderejok. Hartara, urte osoan ekitaldiak iragarri dituzte Arabako Foru Aldundiak eta Gaubeako Udalak, parke naturalaren urteurrena ospatzeko. Ekitaldi nagusia maiatzean egingo dute. Bisitaldi gidatuak, haurrentzako jarduerak, habia-kaxak eraikitzeko lantegiak, hegazti askatzeak eta bazkari herrikoia antolatu dituzte Lalastran.

Urdaibairen eta Urkiolaren izendapenen ostean, 1992ko otsailaren 10ean, Valderejoko eremu naturala babesteko neurriak onartu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta parke natural modura bataiatu zuen. Ingurune naturala babestearekin batera, izendapenak beste helburu batzuk zituen, nagusiki "zonaldearen garapen sozioekonomikoa bultzatzea", eta "herritarren gozamenerako jarduera turistikoak, eta inguruneko ikerkuntzarekin lotutako ekimenak sustatzea". 

Arabako mendebaldean kokatutako ingurune menditsu, malkartsu eta hustua izateak lagundu zion Valderejori berezko fauna eta flora aberatsak gordetzen, eta balore horiek nabarmendu zituzten izendapena emateko.

Europa 2000 Sarean

Ordutik harana babesteko neurriak zorroztu dituzte, eta inguruko eremuetara zabaldu dira. Hala, iazko martxoan Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua izendatu zuten Valderejo, Sobron eta Artzena lotzen dituen mendilerroa. Honezkero babes berezia du lekuak, eta Europako Natura 2000 Sarearen barruan dago, hain zuzen biodibertsitatea babesteari begira Europan egin den apustu nagusia.

Bestalde, naturaren inguruan ikerketarako eremu pribilegiatua bilakatu da Valderejo.  Euskal Herriko Hazien Sarea, esate baterako, 2007. urtetik Valderejoko ondare genetikoa ikertzen ari da, eta antzinako laboreak eta fruta-arbolak berreskuratzeko ahalegina egin du. 

Halaber, 2013. urtean aldaketa klimatikoa aztertzen duen ClimaDat izeneko programak ehunka sentsore kokatu zituen Valderejon tenperatura, airearen eta lurraren hezetasuna, presio atmosferikoa eta beste hainbat aldagai neurtzeko.

Turismoaren ardatza

Ingurumenaren ikerketarekin eta babesarekin lotutako ekintzak garatzeaz gainera, turismoa izan da Valderejoko parke naturalak gehien landu duen aldea. Zalantzarik gabe, 25 urte eta gero, Valderejo erakargarri turistiko inportantea bilakatu da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta urtero batez beste 50.000 lagun inguru hurbiltzen dira Lalastrako parketxera. Halaber, hein handi batean Gaubea mapan jartzeko balio izan du parkearen izendapenak, nahi eta nahi ez udalerria zeharkatu behar baitute bisitariek parkera hurbiltzeko.

Alta, Valderejo parke naturala bilakatzeak ez du lortu nekazal eskualde deprimitua gainbeheratik salbatzea, eta 25 urtetan oso gutxi dira inguruan zabaldu diren negozioak, sortu diren lanpostuak, eta are gutxiago finkatu diren biztanle berriak. Izan ere, Lahozen bi lagun erroldatuta daude, eta Lalastran hamabi. Dena den, turismoari begirako hainbat zerbitzu eta azpiegitura martxan jarri ziren Gaubean parkearen izendapenarekin lotuta, eta horietako batzuk gaurdaino mantentzea lortu dute.

Egutegia

Maiatzak 20-21

Bisitaldi gidatuak, haurrentzako jarduerak, habia- kaxak eraikitzeko lantegiak, hegazti askatzeak eta bazkari herrikoia egingo dituzte Lalastran. Mendizale eta natura maite duten guztiak gonbidatuta daude ekimenetan parte hartzera.

Abuztuak 10

Urtero, Gaubeako herritarrek ospatzen duten San Lorenzoko erromeria jendetsuarekin batera, galduta egon diren kultura ohitura batzuk berreskuratzeko saiakera egingo dute; besteak beste Valderejoko inguruan garai batean oso ohikoak ziren giza -gazteluak.

Urrian dejar

Usadio eta ohituren azoka antolatuko dute, eta bertan antzinako bizibide eta lanbideen erakusketa egingo dute; duela hainbat urte egiten zen ekimena da hau baina aspaldi galdu zuten eta berriz antolatu dute.

Bestelakoak

Valderejoko parkearen historiarekin lotura estua duten zientzialari, botanikari eta irudigileen lanen erakusketa egingo dute.

Abian jarriko da Memoriaren txokoa izeneko ekimen bat. Horren harira, inguruko biztanleei laguntza eskatuko zaie aspaldiko argazkiak, oroitzapenak eta iruzkin pertsonalak biltzeko; Udalak erakusketa bat osatuko du horiekin guztiekin.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa