Boilur beltza txakurrarekin biltzeko saioa antolatu dute Basaben

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urt. 27a, 11:00
Boilur beltza txakurrarekin bilatzeko erakustaldia. PHOT.OK

Urtarrilaren 28an, boilurraren mundura gerturatzeko Basabe herrian dagoen boilur plantazio batera bisitaldia antolatu du Gaubeako turismo bulegoak.

Neguko boilurra txertatuta duten zuhaitzen sail batean izango da erakustaldia; bertan txakur baten laguntzarekin boilurra biltzeko modua erakutsiko diete bisitariei. Ondoren, boilurrarekin prestatutako jakiak dastatzeko aukera izango dute eta, halaber, boilur beltza erosi ahal izango dute parte hartzen dutenek.

Araban aspalditik izan da boilur beltza; hala ere, Kanpezuko eta Gaubeako herritarrak 1950eko hamarkadatik aurrera hasi ziren boilurra jasotzen, eta 1990ko hamarkadan lehenbiziko plantazioak egiten hasi ziren inguru horietan. Hala, 1990-1995 urteetan 66 hektarea landatu ziren (51 Mendialdean eta 15 Arabako Bailaran). Hurritzak, arteak eta haritzak erabili zituzten onddoa txertatzeko. 

Emaitza bikaina

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2002-2003 kanpainan, batez beste, hogei kilo boilur jaso ziren Araban hektarea bakoitzeko, eta kilo bakoitzeko 250 euro ordaindu zituzten. Hartara, 2015. urtean 470 hektarea gehiago landatzea aurreikusi zuten Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak, Mendialdean eta Arabako Errioxan hain zuzen. Onddoa sustatzeko dirulaguntzak ere bideratu dituzte azkeneko urte hauetan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide