alea.eus

Enplegu eta formakuntza plana abiatu dute, nekazaritza suspertzeko

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2016-11-25 13:49   Ekonomia  Añana

Vital fundazioaren eta Añanako garapen agentziaren artean bultzatu dute programa; nekazari gazteak erakarri nahi dituzte

 

Enplegu eta formakuntza plana abiatu dute, nekazaritza suspertzeko
Tokiko ekoizleen produktuak sustatu nahi dituzte. Argazkia: PHOT.OK | Ikusi handiago | Argazki originala

Añanako nekazaritza suspertzeko, enplegu eta formakuntza programa martxan jarri dute Vital fundazioak eta Añanako garapen agentziak. Nekazari gazteak eskualdera erakartzeko eta labore berriak Araban sustatzeko asmoarekin abiatu dute plana. 

Egitasmoan nekazaritzako elikagaien sektorean trebatu nahi duten hogei bat lagun parte hartzea aurreikusi dute. Lehentasuna izango dute langabezian dauden gazteek, emakumeek eta Añanako bizilagunek. Bi urteko formakuntza eskainiko zaie.

Lokala eta lurzorua

40.000 euro inbertituko ditu Vital fundazioak programan. Garapen agentziak, bere aldetik, Zanbranan dagoen 11.752 metro koadroko lurzoru ureztatua utziko die nekazari berriei, eta Lantarongo enpresen haztegian duen lokal batean nekazaritza produktuak transformatzeko gunea kokatuko du. 

Lurzorua ekologikoa izango da. Bertan, basafruituak eta baratzeko produktuak landatuko dituzte, gehienbat Araban oso zabalduta ez daudenak eta kontserbak egiteko erabili daitezkeenak,  zainzuriak, porruak eta azak, esate baterako. 

Halaber, herrialdean produzitzen ez diren laboreak landatuko dituzte, gari sarrazenoa edo artisau garagardoak egiteko lupuluak. Bi urteko formakuntzaren ostean, Zanbranako ustiapena parte-hartzaile batek edo talde batek zuzenean kudeatzea bilatzen du programak. Lantarongo transformazio gunea Añanako Kuadrillako ekoizleen produktuei balioa emateko erabili nahi dute. Zerealak, baratzeko produktuak, basafruituak, marmeladak, eta batik bat sagar zukua landuko dituzte bertan. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa