Elkartasunean batu dira Kuartango, Erriberagoitia eta Urkabustaiz

Estitxu Ugarte 2016ko aza. 4a, 11:00
Ruandan ari dira egitasmoak aurrera ateratzen

Bihartik hasita hitzaldiak eta afaria egingo dituzte, Ruandan, Ekuadorren eta Saharan bultzatzen ari diren asmo solidarioak ikusarazteko.

 

Azaro Solidarioaren antolaketan buru-belarri dabiltza Kuartango, Urkabustaiz eta Erriberagoitia udalerrietako bizilagunak. Urtean zehar egin duten lan solidarioaren jarraipen gisa, azaroan, hitzaldi sorta eta afaria antolatu dituzte hiru herriek. 

Egindako lana sakondu eta ikustarazi nahi dute. Antolatzaileek azaldu bezala, "Kuartangon aspaldi dabiltza elkartasunezko egitasmo desberdinetan parte hartzen, Ekuadorren, Ruandan eta Saharan; azken urteetan, gainera, Erriberagoitiko eta Urkabustaizko bizilagunekin batu dira horiek aurrera ateratzeko". Hala, lau urte daramatzate Azaro Solidarioa antolatzen, "elkartasunaren inguruan hausnartzeko, eta justizian eta aldaketan oinarritutako elkartasunaren alde desberdinak ezagutzeko". 

Hitzaldiak

Kuartangoko eta Izarrako ikastolako neska-mutilek apirilaren 16ko lurrikararen ondoren Manabiko probintziako (Ekuador) Piquiguako haurrekin izandako esperientzia kontatuko dute lehen saioan. Ekintza hau aurrera eramateko Iñaki Carretero artistak lagunduko die.

Bigarren jarduera errefuxiatuen egoeraren inguruko hitzaldia da; horretan parte hartuko dute Javier Galparsoro Cear-Euskadiko presidenteak, eta Iñaki Alonso eta Sara Polo Save The Children elkarteko kideek.  

Halaber, Kuartangok, Erriberagoitiak eta Urkabustaizek Ruandan dituzten egitasmo solidarioak azaltzeko beste mahai-inguru bat egingo dute. Manos Unidas elkarteko Carmen Menendez Ruandarako arduradunak, Maribel Garcia Arabako ordezkariak, eta Merche Biguri boluntarioak parte hartuko dute.

Hilabete solidarioari amaiera emateko, Ruandaren aldeko afaria antolatu dute herritarrek, azaroaren 26an. Manos Unidasek Kayenzin egin berri duen haur-eskola baten mantenuan laguntzea da afariaren helburua, eta dirua biltzeko zozketa bat antolatu dute. Afaria urteko gertaera garrantzitsua bilakatu da inguruan.

Egitaraua

azaroak 5 

19:00 Haurrek euren esperientzia solidarioa azalduko dute.

azaroak 12

19:00 Errefuxiatuen egoerari buruz hitzaldia.

azaroak 19

19:00 Proiektu solidarioen aurkezpena.

azaroak 26

19:00 Afari solidarioa.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide