Valderejoko hondamenditik salbatu dituzte antzinako fruta-arbolak

Estitxu Ugarte 2016ko urr. 28a, 16:40
Valderejon egindako eko ibilbidea

Lalastra, Villamardones, Ribera eta Lahozko bizilagunen laguntzarekin fruta-arbolak berreskuratzen ari da Hazien Sarea.

 

1958ko martxoaren 7an hustu zen Villamardones, betirako; Eliza katolikoak erosi zuen herria, eta bizilagunak Gasteizera bidali zituzten. Baserria eraiki zuen bertan elizbarrutiko gizarte  idazkaritzak, hiriburuan zeuden langileen egoitzak hornitzeko. Baserriak urte gutxi iraun zuen, eta berehala eman zen Villamardoneseko hondamendia. Salbatu ziren bakarrak fruta-arbolak izan dira.

Izan ere, 2006. urtean Euskal Herriko Hazien Sarea elkarteak Valderejoko antzinako fruta-arbolen lehen azterketa egin zuen. Hamazortzi espezie desberdinen berrehun ale aurkitu zituzten; batzuk basatiak ziren eta beste batzuk erdi-basatiak. Berrehun horietatik hirurogei aukeratu zituzten, interesgarrienak zirelako, edo desberdinak. Lalastra herrian dagoen Valderejoko fruta-arbolen baratza didaktikoan gordeta daude egun.

Bizilagunen inplikazioa

Villamardonesen jaso dituzte hazi horietako asko. Hala azaldu du Hazien Sareko kide Joseba Ibargurengoitiak Valderejoko egitasmoa ezagutarazteko antolatu duten eko-ibilbidean. "Herria aukeratu genuen berrogei edo berrogeita hamar urtetan fruta-arbola berriak ez direlako landatu". Gainera, fruta-arbolak aurkitzeko eta identifikatzeko laguntza handia eman diete Valderejoko Lalastra, Ribera, Villamardones eta Lahoz herrietako lehengo bizilagunek.

Xabier Ortiz Vadillo, esate baterako, 14 urte bete arte Villamardonesen bizi zen, eta Lalastrako eskolara joaten zen beste hogei bat umerekin batera; ondo gogoan du herrian zegoen gingondo handia, eta amak ginga horiekin egiten zuen likorea. "Hemen, basaranekin ez genuen likorea egiten, gingarekin baizik", azaldu du. Gogoratu du ere irasagarrondo espezie desberdinak zeudela inguruan, bat etxe ondoan hain zuen, oso-oso gozoa, eta Valderejoko mizpirondo handiena Villamardonesen aurkitu zutela. Sagarrondoak, hurrondoak, gereziondoak, argantzunak... guztien haziak bildu dituzte. "Fruta-arbol basatia makala dela uste dugu, baina aparta izan daiteke, erabilera ugari izan dezakeelako, elikagarriak direlako edo antioxidatzaileak direlako", nabarmendu du Ibargurengoitiak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide