Añanako Kuadrillan euskara ikasteko zazpi talde osatu dituzte eta, guztira, 66 lagun arituko dira Kuartangon, Erriberabeitian, Lantaronen eta Iruña Okako eskoletan. Talde guztiak joan den astean martxan jarri zituzten, eta 2017ko ekainera arte jarraituko dute.
Kuartangon talde bakarra osatu dute, zortzi ikaslerekin; talde anitza da eta B2 maila inguruan daude guztiak. Klaseak IKA euskaltegiaren esku daude, eta Zuhatzu-Kuartangoko albaitariaren antzinako etxean ematen dituzte.
Erriberabeitian bi talde daude. Lehen taldea A.2.1 maila hastekoa da, klaseak AEKren esku daude eta taldeak, guztira, zazpi ikasle dauzka. Bigarren taldea A2.2 mailakoa da; klaseak Hegoalde euskaltegiaren esku daude eta taldeak, guztira, bederatzi ikasle dauzka. Klaseak Rivabellosako gizarte etxe berdean ematen dituzte.
Lantaronen talde bakarra daukate, C1 mailakoa. Klaseak IKA euskaltegiaren esku daude, eta udaletxearen beheko solairuan ematen dituzte. Lantarongo taldeak guztira 13 ikasle dauzka.
Hiru talde Iruña Okan
Iruña Okan hiru talde daude. Bi taldek maila bera daukate (A.2.2), eta goizeko eta arratsaldeko ordutegia daukate, hala, txandaka lan egiten duen jendeak goizez edo arratsaldez joateko aukera dauka. Goizeko taldeak bederatzi ikasle dauzka, eta arratsaldekoak zazpi ikasle. Gainera, hasiera mailako talde bat ere osatu dute. Guztira, 13 ikasle dauzka. Iruña Okako talde guztien ardura AEKk eramaten du, eta klaseak Langraitz Okako gizarte etxean ematen dituzte.
Talde guzti horiek Añanako Kuadrillako Euskara Zerbitzutik kudeatzen dituzte, eta Kuadrillako hainbat herritako lagunek parte hartzen dute. Udal bakoitzak ezartzen du ikasleek ordaindu beharreko matrikula.