"Lantaron ez da inoiz inon agertzen, ez gara existitzen"

Estitxu Ugarte 2016ko urr. 10a, 17:40
Lantarongo hitzaldia

Añana Bizirik eta ALEA aldizkarietako kazetariek Lantarongo bizilagunen kexak jaso dituzte.

 

Añana Bizirik –Kuadrillako hiruhilabetekari berria– eta  Alea astekaria ezagutzeko parada izan dute kultur jardunaldietan, Lantaronen. Halaber, kazetariekin kexak partekatu dituzte lantarondarrek.

 Hogei bat lagun bildu ziren udaletxearen areto nagusian, hilaren amaieran, denak adinekoak, eta denak erdaldunak, Koldo Larrañaga Caicedo-Yusoko apaiza, Eduardo Fernandez de Pinedo Kuadrillako lehendakaria, eta Aleako bi lagun salbu. Hala ere, ia denek esan zuten etxean euskaldunik bazeukatela, eta Alea eraman zuten familiari emateko. "Argazkiak ikusteko ez da euskaraz jakin behar", animatu zituen Larrañagak.

Interes handia piztu zuen aurkezpenak; galderak eta kexak partekatu zituzten bertaratutakoek. "Lantaron ez da inoiz inon agertzen", kexatu ziren aho batez; "inguruko kiroldegirik onena dugu, kultur jarduera piloa antolatzen ditugu; nesken eta mutilen futbol-eskola ere badago, baina ez da ezer esaten, existituko ez bagina bezala", aurpegiratu zuten.

Elkar ezagutza

Elkar ezagutza sustatzea  funtsezkoa da Lantarongo Udalak antolatzen dituen jarduera kulturaletan, eta aisialdiarekin loturiko ekintzetan. Lagun talde handia trinkotu da Koldo Larrañaga apaizaren inguruan udalerrian, eta urtean hamaika hitzaldi, zine-forum, eta bisitaldi gidatu egiten dituzte herritarrek. Hogeita bost urte daramatzate kultur ekintzak antolatzen, eta bide horretan  Lantarongo Udala "ezinbesteko laguna" izan dela azpimarratu dute bizilagunek. Izan ere, jarduera guztiak doakoak dira, eta gainera, zine-forumak eta hitzaldiak antolatzen dituztenean, herri guztietara doako autobusa bidaltzen du Udalak, herritarrak jasotzeko. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide