Sobrongo ferrata bideak jendetza erakarri du, inauguratu aurretik

Estitxu Ugarte 2016ko ira. 30a, 13:15
Sobrongo ferrata bidea. Arg: Sobron Aventura

Sobrongo ferrata bidea inauguratu arte itxaron gabe, dozenaka lagun hurbildu dira uda honetan. EAEn dagoen ferrata bide bakarra da.

Sobrongo Valposada gailur lerroko ferrata bidea inauguratu arte itxaron gabe, dozenaka lagun hurbildu dira uda honetan inguru horretara. Maiatzean onartu zuen Añana Kuadrillak EAEn dagoen ferrata bide bakarraren erabilera ordenatzeko araudia, eta aurki seinaleak jarriko dituzte bertan.

Nahiz eta ferrata biedea erabiltzea nahi duen ororentzat libre egon, Sobron Aventura tokiko enpresak harrera-gune bezala funtzionatzen du. Bertan topatu daiteke ferrata bide berriaren inguruan informazioa, materiala alokatu ahal da, eta nahi izanez gero, gidari zerbitzua kontratatu. 

Sobron Aventurako kide batek azaldu duenez, ekainetik aurrera ari dira Valposadako ferrata bidera jendea eramaten, eta bertara bere kontura hurbiltzen den jendeari materiala alokatzen. Berrehun lagun inguru ibili dira jada bide ferrata berria egiten, tokiko enpresaren arabera.

"Oso naturala" 

Sobron Aventurako gidariak esan duenez, inguratu diren kirolariei asko gustatu zaie ferrata bide berria. "Beste batzuekin alderatuta desberdina da Sobrongo bidea, harriek berez eusteko aukera ematen dutelako, eta horregatik ez dute gehiegi hornitu; bestetik ertz horizontala delako bi aldetara zabaltzen dena. Oso naturala da, eta  jendeari asko gustatu zaio", esan du gidariak. 

Lantaron udalerrian dago ferrata bidea, Sobrongo Baños de la Villa urbanizazioa eta antzinako Hotel Blancoren inguruan, Valposadako bailaran. Bideak 550 metroko haitz ertz bat zeharkatzen du, igoera eta jaitsiera ugarirekin, eta 100 metroko desnibela du. 

Hiru zati ditu bideak. Ibilbide osoa eginez gero, hiru zatiak zeharkatzen dituzte kirolariek, baina nahi izanez gero zati bakoitza modu independentean egin daiteke. Hamar urtetik beherakoek bide ferratako lehenengo zatia ez egitea gomendatzen dute, eta bigarren zatia ez da egokia 14 urtetik beherakoentzat.

Lehen zatiak 50 metro ditu eta hasi berrientzat gomendatuta dago. Bi ordu inguruko ibilbidea da. Bigarren zatiak 250 metro ditu, eta hiru ordu inguru behar dira zeharkatzeko. Hirugarren zatiak beste 250 metro gehiago ditu. Ibilbide osoa egin nahi izanez gero, lau ordu luze iraun dezakeela ohartarazi du Sobron Aventura taldeko kideak, eta sasoian egotea gomendatzen dute.

Segurtasun arauak

Añana Kuadrillak onartu duenez, erabiltzaile guztientzat libre eta doakoa da bide ferrata erabiltzea, eta bertara gidariarekin edo gidaririk gabe sartu daiteke.

Jarduera egiten duten pertsona guztiek nahitaezko materiala erabili behar dute (kaskoa, arnesa, zinta energia-xurgatzailedun finkatze txikota, eta mosketoiak). Añanako Kuadrillak ez du inolako erantzukizunik hartzen erabiltzaileek segurtasun neurriak betetzen ez badituzte.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide