Berezitasun handiko Vivanco larrainak lehengoratuko dituzte

Estitxu Ugarte 2016ko uzt. 18a, 13:58
Gatz Harana-Gesaltza

Gatz Harana Fundazioak eta Vital Fundazioak 182.000 euroko hitzarmena sinatu dute Gesaltza Añanako Gatz Haranean inbertitzeko.

 

Vital Fundazioak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak 182.000 euro inbertituko dituzte Gesaltza Añanan Vivanco izenez ezagutzen diren larrainak lehengoratzeko. Vital Fundazioak zenbateko horretatik 40.000 euroko ekarpena egingo du.

Vivanco Dona Garazi iturburutik gertu dauden larrainak dira, Suso kanalaren eta La Muera ibaiaren artean. Lehengoratuko den eremuan 18 larrain, bi biltegi, albate putzu bat eta traina txiki bat daude. Egitura hori hondatzen ari da pixkanaka eta, hortaz, premiaz lehengoratu beharra dago; izan ere, sendotzen ez bada, behera eroriko da guztiz. Gainera, zur bilbadura bikoitzek eusten diete larrainei, eta arkitektura aldetik aparteko berezitasuneko elementuak dira horiek. Egitura hori iturburuetara iristeko bideetatik gertu dagoenez, Gatz Haranera joaten diren bisitariek erraz ikusteko aukera dute; eta, egituraz gain, gatzaren ekoizpena larrainetan eta larrainei eusten dieten zur bilbadura ederrak ere bai.

Jardun horren bidez, bi erakundeek helburu bikoitza lortuko dute: "Arabako Lurralde Historikoko kultura ondarearen laginik garrantzitsuenetako bat salbatzen lagunduko da eta, horrez gainera, gizarte garapena, prestakuntza eta enplegua sustatzeko urratsak egiten jarraituko da". Izan ere, lan horiek gauzatzeko, Micaela Portilla lantegi eskolako bi ikasle ohi kontratatuko dira, ordaindutako praktikaldiaren araubidean. Añanako Kuadrillak sustatzen eta Arabako Foru Aldundiak eta Vital Fundazioak batera finantzatzen dute prestakuntza eta enplegurako zentro hori, eta zentroaren helburuak dira langabezian dauden gazteak lanbide baterako trebatzea zaharberrikuntzaren arloan (zehazki igeltserotzan, zurajean eta hargintzan), lanean has daitezen erraztea eta Fontechako Orgaztarren dorrea eta jauregia zaharberritzea. Hain zuzen ere, lantegi eskola horrek bere prestakuntza eskaintzaren barruan sartu zuen Gesaltza Añanako Gatz Harana zaharberritzeko programa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide