Ibaiuda jaialdiak eta Gatz Azokak zabalduko dute udako ekitaldien egitaraua

Estitxu Ugarte 2016ko uzt. 3a, 12:00
El Tio la Careta musika taldeak joko du Ibaiuda jaialdian

Hilaren 9an, 40 musika talde bilduko dira Berantevillan, eta Gesaltzako Gatz Azokan argi eta soinu ikuskizuna egongo da.

 

Hautu zaila dute aurretik Añanako bizilagunek eta bisitariek, hilaren 9an Berantevillak eta Gesaltza Añanak partekatuko baitute eskualdeko udako egitaraua zabaltzeko ardura. Berantevillan Ibaiuda jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko dute eta Gesaltza Añanan, berriz, Gatzaren Azokaren baitan egiten den argi eta soinu ikuskizun arrakastatsuak jende andana bilduko du.

Ibaiuda jaialdiak hiru urte bete ditu aurten. Beranturi mendi taldeak eta herriko boluntario talde batek antolatzen dute, Berantevillako Udalaren eta Administrazio Batzarraren laguntzarekin. Jaialdiaren helburua aniztasuna sustatzea da eta herriaren dinamizazioa piztea, jarduera ludikoen bitartez. 

40 musikari Berantevillan

Ibaiuda jaialdian publiko guztientzako eta mota ezberdineko musika eta antzerki estiloak biltzen dira, eta gainera ekitaldi guztiak doakoak dira. Aurtengo edizioan herriko eszenatokitik eta Berantevillako kaleetatik guztira 40 musikari eta antzerkigile pasatuko dira, arratsaldeko seietatik egunsentira arte.

Bestalde, Gesaltza Añanan Gatzaren Azoka ospatzen dute egun berean. Gatz Haranaren memoria izeneko argi eta soinu ikuskizuna izango da egunaren ekitaldi nagusia. Gatz Haranaren Fundazioak, herriko gatzagagileek osatutako Gatzagak taldeak eta Udalak antolatzen dituzte egun osoko ekitaldiak. 

'Gatz Haranaren memoria'

Artisautza azoka eta bisita antzeztuak antolatu dituzte 17:00etatik aurrera herriko kale nagusietan, Gesaltza Añanako historia bisitariei erakusteko asmoz. Baina, gauean hasiko da ikuskizun nagusia. Bertan ehundik gora herritarrek Gesaltza Añanaren iragana, oraina eta geroa antzeztuko dute, garai desberdinetan herritik igaro diren pertsonaiak irudikatuz, Historiaurrean, Erromatar Inperioan, Erdi Aroan eta frantsesen inbasioan izan ziren pertsonaien bitartez.  

Halaber, antolatzaileek gogoratu duten moduan, ordu eta erdiko ekitaldian larrainak eta egurrezko egiturak soinuekin beteko dituzte eta milaka kolorerekin argiztatuko dituzte.  Ohikoa den moduan, gau magikoa izateko osagai guztiak prest dituzte.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide