"Zaborren bilketa hobetzea da Añanako Kuadrillan lehentasunezko gaia"

Estitxu Ugarte 2016ko eka. 9a, 14:21

Añanako Kuadrillaren arduran zortzi hil egin ditu Eduardo Fernandez de Pinedok; gai asko ditu mahai-gainean, zaborren bilketa da eskualdeko erronka nagusia.

 

Eduardo Fernandez de Pinedo Añanako Kuadrillako presidente izendatu zuten 2015. urteko irailean, hauteskundeen ostean, eta Kuartangoko alkatea duela hiru hilabete. "Batzuetan Kuartangoko alkate bezala, eta beste batzuetan Kuadrillako presidente bezala pentsatzera" ohitu behar dela aitortu dio aleari, eta populazio txikiena duen Arabako eskualdearen lehentasunak zerrendatu ditu.

Arabako biztanleen %2a bakarrik bizi da Añanan. Zer urrats egiten ari zarete jendea erakarri eta finkatzeko?

Gai honetan Kuadrillaren dualtasunarekin topo egiten dugu: udalerri batzuk industrialagoak dira eta beste batzuk landatarragoak, beraz sustapen ekonomikoaren arloan saiatzen ari gara udalerri industrialetan, –Erriberabeitian, Lantaronen eta Iruña Okan–, dauden lan eskaintzak Kuadrilla osora zabaltzen, eta ez soilik udalerri horietan erroldatuta daudenei. Hala, adibidez, Gestamp enpresarekin kolaboratzen ari gara langileak hautatzeko prozesuan eta formazioan. Halaber, Arasur hemen dago eta logistikari begira prestatu behar gara, formazioa eskaini. Landa eremuari dagokionez, aldaketak egon dira Landa Garapenerako Elkartean eta horiek baliatu behar ditugu eta bideak bilatu nekazaritzara jende berria erakartzeko.

Nolakoak dira udalerrien arteko harremanak?

Gure Kuadrillaren hutsune nagusienetakoak koordinazio eza eta nortasun falta dira, bereziki sakabanaketagatik, udalerrien artean dagoen distantzia handia delako. Halaber, udalerrien tipologiak oso ezberdinak dira, Iruña Oka edo Erriberabeitia industrian oso enfokatuta daude, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan beste batzuk. Hori da identitatea sortzeko orduan dugun traba nagusia, eta gehien kostatzen zaiguna.

Egoera aldatzeko zer urrats jarriko dituzue martxan?

Saiatzen ari gara udalak konbentzitzen pentsatzeko pixka bat gehiago orokorrean, Kuadrilla mailan, eta ekitaldiak antolatzeko orduan biltzeko eta gauzak partekatzeko. Kuartangon, adibidez, udalekuak Erriberagoitiarekin batera egiten dituzte, eta hilabete honetan Erriberabeitian udalerrien pilota eskolen arteko topaketak antolatu dituzte. Ekimen kulturalen bitartez saiatzen ari gara pixkanaka koordinazioa lantzen. 

Gatz Harana izan behar da Añanako turismoaren motorra?

Oso indargune indartsua da, eta orain arte eskualdeari eta Gesaltza Añana herriari berari bizkar emanda garatu izan da. Orain aldaketa gauzatzen ari da. Beharbada Unescoren saria galdu zutenean konturatu ziren aldaketa egin behar zutela, eta konturatu ziren ez zela egitasmo itxia izan behar, ingurunea inplikatu behar zutela. Gatzagak erakargunea izan behar dira baina jokoa banatu behar dute harribitxi asko ditugulako Kuadrillan: Valderejoko parke naturala dago, Santa Catalinako lorategi botanikoa, eta aurki Lantarongo Sobron aldean Euskadiko lehen ferrata bidea inauguratuko dugu.

Ulertzen al dituzu bizilagunen kezkak Barrongo urtegiaren inguruan?

Plataformaren lehenbiziko asanbladetan parte hartu nuen, informazioa biltzeko eta inguruko bizilagunen iritziak ezagutzeko. Gai konplikatua da, interes ezberdinak ukitzen direlako, nekazari batzuenak zein besteenak. Parte guztiak entzun eta ondorio bat atera behar da. 

Eta zein da zure ondorioa?

Desjabetzeen inguruan ahalik eta esfortzu handiena egin behar da kalteak ekiditeko, eta are gehiago kaltetuen egoera berria aurrekoa baino hobeagoa izan dadin; ez dut uste gai ekonomikoa gakoa denik baizik eta kokaleku berriak bilatu kaltetutako pertsona horiei bermatzeko etorkizunean abeltzaintzan edo nekazaritzan jarraitu ahal izatea.

Elkarrizketa osoa, 64. ALEAn. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide