alea.eus

Bihar ospatuko dute Zanbranako Gazteluen Eguna

Estitxu Ugarte 2016-06-10 12:58   Gizartea  Añana  Zanbrana

Gazteluaren Egunaren bosgarren edizioa ospatuko dute Zanbranan bihar. Zabalate eta Lanos gazteluak lotuko dituzte erromerian.

2012. urtean martxan jarritako ekimenari eutsi diote Zanbranako bizilagunek,  oztopoak oztopo, eta aurten Gazteluen Egunaren bosgarren edizioa ospatuko dute. Hilaren bigarren  larunbata aukeratu dute jaia egiteko. Udalerrian dagoen ondarea –besteak beste, Zabalate eta Lanos gazteluak– ezagutaraztea da helburu. Halaber, bertan bizi direnen artean harremanak lantzeko eta hobetzeko baliatzen dute eguna.

Zanbranako bizilagunek, kultur eta kirol elkarteek, batzar administratiboek eta Udalak berak antolatzen dute Gazteluen Eguna. Jaiaren ekitaldi nagusia mendi ibilbidea izaten da. Bederatzi kilometroko txangoan hiru gune esanguratsuenak lotuko dituzte parte hartzaileek: Berganzoko eliza-dorrea, Lanosko gaztelua eta Zabalateko harresiak eta gaztelua. Herritarrek egin duten lana medio, gaur egun ezagunena Zabalateko gunea da. Izan ere, orain dela gutxi Hispania Nostra elkarteak gaztelua saritu berri du, ondarea berreskuratzeko bizilagunak egiten ari diren lanagatik. Gainera, herri ekimenari esker, Zabalateko gazteluaren eta armarriaren kalteak aztertzeko eta neurriak hartzeko lantalde instituzionala osatu dute Zanbranako Udalak, Arabako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak. 

2013an betiko desagertzeko zorian egon zen Zabalateko monumentu multzoa baina egindako lan sakonari esker turismo kultural aktiboaren eredu bilakatu da. Zabalate da Arabako armarrian dagoen gaztelua eta Euskal Herrian dagoen multzo historiko ikusgarrienetako bat.

Bestetik, Lanosko gaztelua Ocio herriaren gainean dago. VIII. eta X. mendeen artean eraso musulmanen aurrean lurraldea babesteko Ebro ibaiaren ezker aldean zeuden gotorlekuetako bat da. 2002. urtean Arabako Aldundiak eraberritze lanak agindu zituen.

Denentzako ekimenak

Erromeriaz gainera, musika, umeentzako jolasak eta bolo txapelketa antolatu dute zanbranarrek, baita herri bazkaria eta afaria ere. Ohartarazi dutenez, 340 lagunentzako tokia dago. Bazkariaren prezioa 13 euro da eta afariarena 6 euro. Halaber, jaiaren gastuei aurre egiteko kamisetak salduko dituzte egunean bertan, eta Luis Angel Plagaro pregoilariaren jatetxean, Sukalkin, bi afari zozkatuko dituzte.

Egitaraua

08:00 Autobus irteera Zanbranatik (Julia taberna) Berganzora.

09:00 Pregoia egingo du Berganzoko elizan Luis Plagaro sukaldariak.

09:30 Erromeriaren hasiera (8 kilometro inguru). Hamaiketakoa egongo da ibilbidearen erdian, eta Txalamako txalparta taldeak girotuko du.

13:00-13:45 Portilla herrian bukaera izango da. Autobusean jaitsi daiteke Zanbranara edo oinez jarraitu bi kilometro gehiago.

14:30 Poteo-batukada Zanbranako txikiek osatutako taldearekin.

15:00 Herri bazkaria. Txartelak, ohiko tokietan eta udaletxean erosi daitezke

16:00-19:00

•Txikientzat puzgarriak,aurpegia margotzeko tailerra eta baserri mugikorra

•Arabako bolo txapelketa bolatoki mugikorrarekin.

17:30 Euskal Herriko dantzen erakusketa Eguzkilore taldearen eskutik.

19:30-20:30 80. hamarkadako kontzertua Jukevox-ekin.

21:00 El Peli-ren bakarrizketa.

22:15 Herri afaria. Txartelak, ohiko tokietan

23:45-01:45 The Rockin Pneumonias-en kontzertua.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa