Fresnedan baratzak baino askoz gehiago dagoela frogatu dute Samuel Etxebarria eta Begoña Diaz de la Presa senar-emazteek. Arabako erlezain onenak Arkamu mendatearen magalean kokatutako Gaubeako herri txiki horretan daudela ebatzi zuen apirilean Arabako Erlezainen Elkarteak (APIAL). Harro-harro hartu dute biek Arabako Eztiaren txapelketaren lehen saria. "Handia naizen arren, ez dit azalak hartzen", aitortu du Etxebarriak barre-algara eginez. "Jendeak gauza ona ematen diogula esateak ilusio handia egiten digu, ondo lan egitea gustatzen zaigu eta hori aitortzea polita da", gaineratu du Diaz de la Presak. Gaubeatik ere pozten dira. "Gaubeako eztia ez da besteak bezain ezaguna, beti Izkikoaz edo Gorbeiakoaz hitz egiten dute, baina gaur egun haien mailan gaude; iaz, gainera, Osmako beste erlezain batek irabazi zuen txapelketa", kontatu du Etxebarriak.
Erlezain asko aurkezten dira urtero APIALek antolatzen duen txapelketara, baina soilik 25 ezti pote sartzen dira laborategiko analisian. Bertan neurtzen dituzte eztiaren osagaiak, errautsak dituen, argizariarekin nahastuta dagoen, hezetasuna, azukrea, etabar. Hamar soilik pasatzen dira dastaketara. "Edozein tokitan aurkeztu daiteke gure eztia, potea ikusi besterik ez dago jakiteko ez dela edozein ezti", azpimarratu du Etxebarriak.
Aurtengo txapeldunek dioten moduan, artisau eztiak orokorrean oso onak dira, baina Fresnedakoaren bereizgarri nagusia, duda izpirik gabe, ingurune naturala da. "Hemen txilarra dago, baina Gorbeiakoarekin alderatuta desberdina da, gurea baxuagoa; bestalde arteek ezaugarri berezia ematen diote eztiari, eta Araban oso artadi gutxi daude, Arkamun bakarrik. Txilarrak eztiari ematen dio berezko kolorea eta testura krematsua. Niretzat onena da", azaldu du Diaz de la Presak ezti potea zabaltzen duen bitartean.
Begoñaren eta Samuelen eztiak badu bigarren bereizgarri bat: erlauntzak mendian daudela. "Herritik Land Rover-ean hiru ordu laurdenera daude, mila metrotik gora, eta bertan loraldia urriagoa da, beraz ezti gutxiago eramaten dut etxera, baina produktibitatea baino, kalitatea bermatzen dut". Hamazazpi urtetik gora daramatza bikotea erleekin lan egiten, eta hasieran Fresnedatik gertu zituzten erlauntz gehienak, baina gero pentsatu zuten hobeto izango zela mendian jartzea, pestizidak eta intsektizidak ekiditeko.
Halaber, Diaz de la Presak esan duenez, hein handi batean bestelako arazoak ekidin dituzte. "Liztor asiatikoa etorri orduko gu jada mendian genituen erlauntzak; beroa gustatzen zaio liztorrari, epeltasuna, ez zaizkio leku garaiak gustatzen eta gure erlauntzak mila metrotik gora daude; Bizkaian eta Gipuzkoan min handiagoa egiten ari da liztorra, baxuago daudelako, Araban ere zabaltzen ari da baina gutxiago". Dena den, bikoteak azpimarratu duenez, dagoeneko toki guztietara hedatzen ari da liztorra: Portugal, Maroko, Asturias, Galizia... "Arazoa guk genuenean gure arazoa zen, orain zabaltzen ari denez guztiona da arazoa", esan du Etxebarriak.
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 60. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.