Sahararen aldeko jaialdia antolatu dute Kuartangon

Estitxu Ugarte 2016ko api. 21a, 14:34
Iaz Kuartangon egon ziren umeak

Larunbatean, apirilaren 23an, Arabako Bakelekua proiektua ezagutarazteko eta dirua biltzeko egun osoko jaia antolatu dute Zuhatzu Kuartangon. Hitzaldia, haurrentzako jolasak, musika zuzenean eta dantzaldia izango dira egun horretan.

 

 

Antolatzaileen asmoa, iaz Kuartangon hasitako proiektuarekin jarraitzea da: Arabako Bakelekua proiektua. Horri esker, Saharako haur errefuxiatuentzako barnetegia antolatu zen. Aurten, hamar neska eta hamar mutil itzuliko dira Kuartangora, eta Arabako Bakelekua elkarteak dirua bildu nahi du adingabeen bidaiak, mantenua eta beste zenbait gastu ordaindu ahal izateko.

Kuartangoko, Urkabustaizko, Añanako eta, oro har, Arabako zenbait herritarrek 2015ean Arabako Bakelekua Elkartea sortu zuten Sahara herriari laguntzeko zenbait lankidetza-proiektu gauzatzearren. 

Dirua biltzeaz eta Arabako Bakelekua proiektua jendeari ezagutarazteaz gain, Mendebaldeko Sahararen gatazkaz informatzea eta Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetan zein Marokok okupatutako lurraldean duten egoeraren inguruan arabarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea ere badu helburu Elkarteak.

Horretarako, antolatzaileek jardunaldia hitzaldi batekin hastea erabaki dute. Giza Eskubideetan aditu Brahim Dahanek eta Dah Mustafak, Giza Eskubideen Bortxaketen Biktimen Elkarte Sahararreko kideek, hitzaldia eskainiko dute eta Mendebaldeko Sahararen egoera azalduko dute; gainera, bertaratukoek egokiak jotzen dituzten galderak egiteko aukera izango dute.

Arabako Bakelekua proiektua Oporrak Bakean programaren barruan dago, eta bere asmoa ahalik eta ume gehien ekartzeko aukera izatea da. "Udan haurrek klima egoera hain gogorra jasan ez dezaten". Gainera, programari esker, "elikadura orekatua eta mediku azterketak eskainiko zaizkie osasun arloan izan ditzaketen arazoei aurrea hartzeko, zenbait hezkuntza jarduera egingo dituzte, Arabako umeekin bizitzeko aukera izango dute eta Sahara herriak duen kultura eta gatazkaren berri emango duten enbaxadore txiki bihurtuko dira".

Araban ez ezik Bizkaian ere martxan dago ekimena eta aurten Nafarroan hasi dira. 

Egitarau osoa ALEA aldizkariaren 57. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide