Ehun lanpostu inguru sortuko dituela hitz eman du Gestamp enpresak. Eta dagoeneko hasi da langile batzuk kontratatzen. Aurten produkzioa, mantentze lanak, robotika, kalitatea eta metrologia bezalako departamentuetan jendea sartu da lanean. Konpainiak adierazi duenez, bereziki Lanbide Heziketako eta Ingeniaritzako langileak behar dituzte.
Hurrengo hilabeteetan lan taldea osatzen jarraituko dute beste sail batzuetan: administrazioan, logistika eta harreran, eta lantegia martxan jartzeko eta homologatzeko urrats guztiak egingo dira.
Gestamp konpainiako arduradunek adierazi dutenez, 2017. urteko lehen hiruhilekoan hasiko dira serie-produkzioa egiten. Automobilgintzarako piezak egiten ditu Gestamp enpresak eta Arabako Arasur industrialdean 14,3 milioi euro inbertitzea aurreikusi du.
Orain arte hutsik zeuden pabilioiak okupatzen ditu lantegi berriak, orotara 8.500 metro koadro. Bertan kokatuko dituzte laser ebaketarako 14 zelula eta beste horrenbeste zelula robotizatu. Euskal Autonomia Erkidegoan mota honetako lantegi bakarra da Rivabellosakoa. Volkswagen, Seat eta Opel auto konpainientzat lan egingo dute.
Gestamp multinazionalak martxan jarri duen egitasmoa Eusko Jaurlaritzak babesten eta finantzatzen du. Izan ere, iragan urtean euskal gobernuak eta enpresak hitzarmena sinatu zuten teknologia berrien inguruan Gestampek eraiki nahi duen egoitza nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzeko.
Konpainiak 7.747 milioi euro fakturatu zituen 2013. urtean, 35.000 langileek lan egiten dute bere lantegietan, eta munduko 25 herrialdetan kokatuta dago. Automozioa da gaur egun enpresaren dibisio nagusia eta sektore horretan ari da azken urteetan hedatzen.