Basaurbeko (Laudio) eta Markijanako (Amurrio) araztegien eraikuntza azkartzeko asmoz, proposamen berria helarazi dio Arabako Diputazioak Madrilgo Ingurumen ministerioari. Hain justu ere, bi eremu horietako lurren mugimenduetatik eta obretatik ateratako hondakinak Bitorikako harrobian uzteko proiektua igorri dio; Ingurumen ministerioak ez luke erabilera horregatik ezer ordaindu beharko, bada, trukean, betetzea amaitzean, harrobia lehengoratzeko konpromisoa hartu dezan eskatzen dio erakunde arabarrak.
Hogei urteko atzerapena
Madrilgo Gobernuari dagokio esandako lan horiek egitea. Herrialdeko eta tokiko administrazioek behin baino gehiagotan salatu dute aipatu azpiegiturek hogei urteko atzerapena dutela. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez izan da gaiari buruz hitz egiten azkena; pasa den astean obrak ahalik eta azkarren egitearen beharra azpimarratu zuen, uren kudeaketaren araudia ez betetzeagatik, Europatik isuna heldu baino lehen.
Obren inguruan aurretik egindako Ingurumen txostenean bertatik ateratako hondakinak uzteko toki falta nabarmendu zuten. Diputazioaren proposamen berriarekin arazo hori konponduko litzateke, aurreikuspenen arabera, hondakinen %90 Bitorikako harrobiak hartzeko gaitasuna duelako.