Gwendal izango da Aitzina Folk jaialdiaren aurtengo edizioan

Erredakzioa 2016ko abe. 2a, 10:37

Abenduaren 3tik 28ra ospatuko da. Ataxia telangiektasia gaitza ikertzeko dirua biltzea eta gaixotasuna ezagutaraztea du helburu.

Folk musikak eta elkartasunak berriro eskua emango diote elkarri Aitzina Folk jaialdiaren IV. edizioan; Gasteizko hainbat lekutan eta Amurrion eskainiko dira kontzertuak, abenduaren 3tik 28ra arte, eta besteak beste, Gwendal taldea etorriko da, 45. urteurrena ospatzeko nazioarteko biraren lehen kontzertua ematera. Talde bretainiarrarekin batera, Korrontzi eta Luar Na Lubre taldeak izango dira, besteak, beste.

Aitzina Folk jaialdiaren aurreko hiru edizioetan jatorri ezberdinetako 30 talde eta artistak hartu dute parte, eta 12.000 ikuslek baino gehiagok; guztira 44.000 eurotik gora bildu dira ataxia telangiektasia (AT) endekapenezko gaitz genetiko arraroa ikertzeko, Estatuan 30 pertsona inguruk dute gaixotasun hau; EAEn kasu bakarra dago, Jon ume gasteiztarra.

Aitzina Lan Taldeak antolatzen du Aitzina Folk jaialdia; 2010ean sortu zuten taldea, gaixoei eta haien familiei tokiko ikuspuntu batetik laguntzeko asmoz. Nazioarte eta kulturaniztasun bokazioa duen jaialdiak bi helburu nagusi ditu: AT gaitza ikertzeko dirua biltzea eta gaixotasuna ezagutaraztea, eta folk musika eta munduko hainbat lekutako musika tradizionalaren aberastasuna eta askotarikotasuna zabaltzen jarraitzea.

Gainera, Aitzina Folk jaialdiak tokiko kultura eta kaleko musika giroa sustatzearen aldeko apustua egin du beti. Hori dela eta, abenduaren 3an (larunbata) kalejirak antolatu dituzte oinezkoen erdigunea eta Erdi Aroko hirigunea girotzeko.

 

Ataxia Telangiektasia

Ataxia telangiektasia (AT) gaixotasun genetiko neurodegeneratiboa da, sendaketarik ez duena eta bi urte bete aurretik agertu ohi dena. Hainbat organoren funtzioei eragiten die: mugimenduak koordinatzeko ezintasuna, mugikortasunaren galera progresiboa (9 urterako gurpil-aulkia behar izaten da), hitz egiteko zailtasunak, hazteari uztea, immunoeskasia, zahartze goiztiarra, jateko zailtasuna, arazoak azalean eta ikusmenean, pneumonia eta beste arazo batzuk (tumoreak agertzea, esaterako). Gaixoak guztiz kontziente dira, ez baitie buru ahalmenei eragiten, eguneroko oinarrizko jarduerak beren kabuz egiterik ez badute  ere.

 

Egitaraua

Abenduak 3, 11:30etik 14:30era: Erdialdean eta alde zaharrean Kalejira

Abenduak 10, 10:30ean: Artiumen, musika tradizionala eta folk eskolen lehen topaketa.

Abenduak 10, 17:00etan: Amurrio Antzokia Vibra-Tó (Andaluzia) TxikiFolk:tailer-kontzertua txiki eta helduentzat

Abenduak 10, 19:00etan: Artiumen, TEJEDOR (Asturias)

Abenduak 11, 11:30ean: Artium Vibra-Tó (Andaluzia) TxikiFolk: tailer-kontzertua txiki eta helduentzat

Abenduak 11, 18:30ean: Artium BalFolk;  Ander Zabaleta & Eclectic Celtic Band Tailerra eta kontzertua

Abenduak 11, 19:00etan: Amurrio Antzokiam, TEJEDOR (Asturias)

Abenduak 16, 20:00etan: Pub St. James FOLK SESSION

Abenduak 17, 19:30ean: Santa Maria Katedralean, Bi Poliedro: Garikoitz Mendizabal & Aitor Furundarena. Dohainik gonbidapenarekin

Abenduak 18, 19:00etan: Oihaneder Euskararen etxean, Ordago Folk. Dohainik gonbidapenarekin

Abenduak 27, 19:30ean: Mendizorrotza polikiroldegian, Korrontzi  + Gwendal - 17€

Abenduak 28 20:30ean: Principal Antzokian, Luar Na Lubre- 15-20-25€

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide