alea.eus

Larunbatean egin zuten bigarrenez Laudion Parke Eguna

Erredakzioa 2016-09-15 07:00   Kultura  Aiaraldea  Laudio

Iaz bezala, aurten ere herriko askotariko eragileek zein sortzaileek hartu dute parte SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak antolatutako ekimenean, egun osoko egitarau herritarra osatuz.

 

Larunbatean egin zuten bigarrenez Laudion Parke Eguna
Egilea: Txabi Alvarado | Ikusi handiago | Argazki originala

Pasa den larunbatean egin zuten bigarrenez Laudion Parke Eguna. Iaz bezala, aurten ere herriko askotariko eragileek zein sortzaileek hartu zuten parte SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak antolatutako ekimenean, egun osoko egitarau herritarra osatuz.

Goizean hasi eta gauera bitartean, besteak beste, herri kirolak, musika eta dantza emanaldiak izan ziren. Hainbat tailer ere antolatu zituzten, margo, eskultura, zeramika edo memoria historikoaren ingurukoak tartean, eta herri bazkaria, azoka, esku pilota eta buru handiez gozatzeko aukera ere izan zuten parkera hurbildu zirenek.

Joan den urtean antolatu zuen SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak egun hori lehenbizikoz, parkearen berreskurapenaren alde; ondare historiko diren eraikinak berreskuratzearekin batera, parkea bera ere berreskuratzeko asmoa du esandako taldeak; gunea aisialdiz eta kultura ekitaldiz betetzea.

Asko dira azken hilabeteotan, birgaitze lanetarako konpromisoak egiaztatze aldera, Arabako Foru Aldundiarekin eta Laudioko Udalarekin egindako batzarrak; eta uztailean egindako agerraldian "oso positibotzat" jo zituzten horietan jasotako emaitzak; parkea berreskuratzeko borondatea dagoela uste dute. Maiatza hasieran, Aldundiarekin egindako bileran bederatzi milioi euroko inbertsio konpromisoa berretsi zuen horrek.

Kasinorako proiektua

Pasa den asteko Diputazio Kontseiluak kasinoaren zaharberritze proiektua atera zuen lehiaketara, lehengoratu eta erabilera publikorako berreskuratzeko. 1,2 milioi euroko gehienezko aurrekontua ezarri dute, eta zortzi hilabeteko epea egiteko. 

Foru Aldundiaren arabera, aurtengo udazkenean egingo da kontratuaren esleipena, eta obrak urte amaiera baino lehen hasiko dira. Musika Etxea birgaitzeko lanak ere, beste alde batetik, amaitzear daude. 

Jakina denez, Laudioko Udalaren babes "osoa" du plataformak. Larunbateko festan murgilduta zebilela Uhinak irratiari eskainitako elkarrizketan, parkea "bizirik"  eta "jendez eta ekintzaz beteta" egotearen garrantzia azpimarratu zuen Natxo Urkixo alkateak. Horren harira, gogorarazi zuen "bidea luzea bada ere", dagoeneko hasi direla parkea berreskuratzeko urratsak egiten.

Erabilera zehaztu

SOS Laudio Lamuza Parkeak, bitartean, askotariko ekintzak antolatzen dihardu. Udazkenean, esaterako, eraikinen erabilera zehazteko parte-hartze prozesua martxan jartzeko asmoa dutela iragarri dute. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa