Kometa gorriak Arabako zeruan

Naturayala elkartea 2016ko urt. 14a, 13:59
Argazkia: Alfredo Conde

Europako negu gordinetik ihesi datoz Arabara miru gorriak; Aiaraldean, Gorobel mendilerroaren inguruan ikusi daitezke besteak beste desagertzeko arriskuan dauden hegalari apartak.

Hegan maisua da miru gorria. Buztana lema modura erabiltzen du, hegalak ia batere mugitu gabe. Surf, parapente, dantza edo jolas egiten duela dirudi. Edo agian denetik apur bat. Horrexegatik ezagutzen dute ingelesek red kite izenarekin. Kometa gorria esaten diote, airean flotatu egiten duelako, zintzilik balego bezala.

Galtzorian dagoen hegaztia da, oso urria, alegia, eta zorrozki babestua. Ez da gure eskualdean umetzen, baina sasoi honetan berrehundik gora ikus ditzakegu hainbat bazterretatik sakabanatuta: Agiñaga, Urduña, Zuaza, Lezama, Untzaga... Izan ere, ugaltze garaian bikotean bizi dira, baina Europako iparraldeko herrietan eguraldia kaskartzen hasi orduko gurera etortzen zaizkigu negua igarotzera. Eta lo egiteko orduan kolonia handiak osatzen dituztenez, ikuskizuna liluragarria da. 

Harraparien artean, miru gorria hegalari trebeenetakoa dugu. Eta gainera, oso erraza da hegaka ikustea, astiro-astiro eta lurzorutik metro gutxira joateko ohitura baitu; etengabe planeatzen eta bat-bateko norabide aldaketak egiten. Bere hegal-zabalera handia da, metro terditik gorakoa. Pisua, ordea, kilo betekoa besterik ez. Airean, beraz, oso energia gutxi gastatzen du.

Miru Gorri bat

Baseerri inguruetan

Tamaina ertaineko harrapari honek eguna argitzearekin batera ekiten dio janaria topatzeari. Patxadaz aztertuko du lurraldea edozein sagutxo, sator, hegazti txiki, anfibio edo ornogabe ustekabean atzeman ahal izateko. Sarraskiari ere ez dio muzin egingo, ezta autoek harrapatuta errepide bazterretan geratzen diren animalien gorpuei ere, arriskutsua izan arren. Gustuko du baserri inguruetatik eta abeltzaintza-ustiategietatik hurbil ibiltzen, eta sarritan ardi-txakur handiei ematen zaien okelaren hondakinen zain egon ohi da.

Hegalari aparta izateaz gain, hegazti ederra ere bada. Akaso gure faunako harraparirik dotoreena dena Afrikako iparraldean eta Europan baino ez da bizi. Munduko miru gorrien populazioaren %90 Alemanian, Frantzian eta Espainian dago. Euskal Herrian ere badira umetzen diren bikote batzuk, baina ale gehienak migratzaileak dira, hau da, negupasa egitera datozkigu iparretik.

Miru-buztana

Edonola ere, euskaldunentzat aspalditik aski ezaguna den hegaztia da. Zurgintzan, adibidez, miru-buztana deitzen zaio bi enbor lotzeko era bati, eta artzaintzan ardien belarriko markari ere miru-buztana esaten zaio. Arbasoen modura, beraz, buztanari erreparatuta jakin daiteke hegaz doan harraparia mirua den ala ez. Eta areago, miru gorria ala miru beltza (Milvus migrans) ote den ere bai. Itxuraz bi miruen arteko antza handia da, gorria apur bat handixeagoa eta lumaje argiagoa duen arren. Baina arreta buztanetan jarriz gero, ez dago dudarik, gorriak urkilatuagoa (v itxura handiagoa) du beltzak baino. Horixe da espezie biak ezberdintzeko ezaugarri nagusietakoa. 

Nolanahi ere, sasoi honetan biak nahastea ezinezkoa da, miru beltza Afrikan igarotzen baitu negua, eta udaberrira arte ez da berriro itzuliko. Ordurako miru gorria joanda egongo da.

Zalantzarik gabe, miru gorria gure faunaren bitxietako bat da, baina zoritxarrez kinka larrian dago, galtzeko arriskuan. Ehiztarien tiro galduak, auto-harrapatzeak, elektrokuzioak, nekazaritzan erabiltzen diren pestizidak, habitaten suntsipena, pozoinaren erabilera... Hamaika dira kalte egiten dioten faktoreak. Gizakiek eragindakoak guztiak. Hortaz, gurea  da egoera aldatzearen ardura, miru gorria gure paisaiatik betiko gal ez dadin. Barkaezina litzateke mugaz gaindiko kometa gorri bizidun honen hegaldi paregabeaz gozatzeko aukerarik gabe geratzea.

 

Poloniatik Aiaraldera, 1.700 km

Udazkenero berrehundik gora miru gorri etorri ohi da Aiaraldera. Nahiz eta euren bizimodua gero eta ezagunagoa izan, galdera ugari daude argitu gabe: nondik nora doaz? Non ugaltzen dira? Zenbat denbora behar dute bidaian? Non ematen dute negua? Toki berera itzultzen al dira beti? Galdera horiei guztiei eta beste askori erantzuteko, 2014an eta 2015ean Seo/Birdlife erakundeko teknikariek bost miru gorri markatu zituzten Aiarako Agiñaga herrian, Migra izeneko programa dela eta. GPS irrati transmisore bana jarri zieten harrapari dotore horien mugimenduak hobeto ezagutu ahal izateko, eta lortu egin dute. Tologorri izenez bataiatua izan zenak, adibidez, Poloniako ipar-mendebaldean igaro du aurtengo uda, Euskal Herritik 1.700 kilometrotara. Ungino eta Agiñaga Alemaniako iparraldetik ibili dira, eta Ataria Suitzatik. Pobes, berriz, ez da sekula gurera bueltatuko. Zoritxarrez, markatu eta bi hilabetera hilik azaldu zen Frantzian pozoinduta zegoen zerbait jan izanagatik.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide