Oihaneder Euskararen Etxea

[POETAK MAIATZEAN-KONTZERTUA] Inun

2017/05/03 19:30

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |KONTZERTUA

INUNek bere bigarren diska Da nola aurkeztuko du Bihotz Gorospek (koroak eta perkusioa) lagunduta. 

Gasteizen poesia hedatzea da Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia-jaialdiaren helburua. Gasteizko Udalak babesten du eta Elisa Rueda da zuzendaria.
Maiatzean zehar, mintegiak, errezitaldiak, kontzertuak, ikusizko poesiaren erakustaldiak, irakurketa herrikoiak... antolatzen dira. Parte hartzen dute tokiko eta gonbidatuko poetek, taldeek, elkarteek, poesiaren inguruko tailerrek, kantautoreek, musika-taldeek, aktoreek, musikariek edo dantzariek, besteak beste. Helburu nagusiena da poesia hedatzea hiri osoan zehar (hala nola eskolan, Unibertsitatean, liburutegietan, tabernetan, merkatal-guneetan, hiriko toki emblematikoetan...).

 

[ZINEMA] 'Pink Saris'

2017/05/09 18:45

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |IKUS-ENTZUNEZKOA

Zinema  jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen duen  Filmazpit zikloaren barruko proiekzioa. Filmak hilean behin, astearteetan, proiektatzen dira Oihanederren. Honetan  Pink Saris, (Kim Longinotto, 2010, Erresuma Batua-India)  filma proiektatuko da, apiriletik ekainera bitartean giza eskubideen urraketa  lantzen duten filmeak protagonista izango dituen blokearen barruan.

[KONTZERTUA-POETAK MAIATZEAN] Antton Valverde

2017/05/10 21:00

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |KONTZERTUA

Poetak Maiatzean 2017 jaialdiaren barruan euskarazko lau ekitaldi hartuko ditu Oihanederrek. Horien artean, Antton Valverde eta Lauaxeta artista handiak izango dira protagonistak.

Abeslari donostiarrak bere karrera osoan zehar Lauaxetaren poemetan oinarrituta egindako kantak ekarriko ditu. Gure musikarien artean Lauaxetari arreta berezia ipini dio Valverdek eta kanta horiek ekarriko ditu poetaren heriotzaren 80. urteurrenean.

[HITZALDIA] 'Euskal literaturaren mitoak (eraitsiz)'

2017/05/16 19:00

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |HITZALDIA

Iban Zaldua idazlea egungo euskal literaturaren mitoak desmuntatzen saiatuko da, bere saiakera literarioak eta  blogeko sarrerak oinarri hartuta. Egungo literaturako joeren, tasunen eta kerien inguruan arituko da. Euskal literaturaz batik bat, baina orobat egungo literatura unibertsalaz (hots, mendebaldar turbokapitalistaz): azken finean, euskal literatura (behingoz) korronte nagusi horren barruan bete-betean dagoela esan daitekeelako, zorionez eta zoritxarrez, onerako eta txarrerako.

[HITZALDIA] 'Mendebaldeko euskara'

2017/05/17 19:00

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |HITZALDIA

Koldo Zuazo hizkuntzalariak bere azken liburua,  Mendebaleko euskara, aurkeztuko du.   Lan honek Araba, Bizkaia, Deba ibarra, Urolaldea, Goierri eta Burundako euskara erakusten du. Euskalkiaren sorleku nagusia Araban -Gasteiz aldean- izan zela baieztatzen du Zuazok bertan, eta handik zabaldu zela inguruetara.

Liburuak bi atal nagusi ditu: gramatika eta hiztegia. Gramatikako atalean euskalkiaren bereizgarri orokorrak, bi azpieuskalkienak eta zazpi hizkerenak agertzen dira. Hiztegian 768 hitz erakusten dira. Horretaz gainera, 97 mapa ageri dira.

[SOLASALEAN] Toti Martinez de Lezea

2017/05/18 19:00

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |HITZALDIA

Aukera bazenu, zer galdetuko zenioke Toti Martinez de Lezeari? Bere abestirik gogokoena zein den jakin nahiko zenuke? Bere objektu kuttunak ezagutu? Elkarrekin askaldu? Zatoz  SolasAlean elkarrizketa irekira eta bota zure galdera!

Toti Martinez de Lezea (Vitoria-Gasteiz, 1949)  gaztelaniaz zein  euskaraz idazten duen  arabar idazle eta itzultzailea da.  Ingeles,  frantses eta  aleman itzulpengintzako ikasketak egin ostean telebistako gidoilaria eta aktorea izan da, eta  Kukubiltxo antzerki taldearen sortzaileetako bat. Gaur egun  Larrabetzun (Bizkaia) bizi da.

Eleberri historikoa landu du bereziki, eta arlo horretan arrakasta handia lortu du  Euskal Herrian. Haur literatura ere egin izan du.  EITBrentzat haur eta gazteentzako saioetarako gidoiak idatzi ditu bai eta saioak zuzendu ere.

[HAURRENTZAKO EKINTZA] 'Poetak maiatzean'

2017/05/20 12:00

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |HAURRENTZAKO EKINTZA

Poetak Maiatzean 2017 jaialdiaren barruan euskarazko lau ekitaldi hartuko ditu Oihanederrek. Bertan egindako hirugarrenean, Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak poesia umeen eskura jarriko dute kontatuz, kantatuz eta marraztuz. Familia osoarentzako emanaldi honetan poesiarekin jolasteko aukera eman nahi da umeek poesia zerbait ludikoa eta dibertigarri bezala hartu dezaten.

[ANTZERKIA-POETAK MAIATZEAN] Autobiographikal

2017/05/24 19:30

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |ANTZERKIA

Poetak Maiatzean 2017 jaialdiaren barruan euskarazko lau ekitaldi hartuko ditu Oihanederrek. Autobiographikal ikuskizuna izango da azkena.Bi lagunen artean sortutako poesia-antzerkitua, antzerki-poesiatua da  Autobiographikal. Bi lagun horiek Eider Perez eta  Ane Zubeldia dira.

[KONTZERTUA] Josu Bergara

2017/05/25 19:30

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |KONTZERTUA

Josu Bergara da maiatzeko Eskilarapeko soinuak formatu txikiko musika kontzertuen zikloko protagonista.

Kanta Txikien Indarra (Taupaka elkartea, 2015) da abeslari eatarraren lan berria. Ekainaren amaieran grabatu zuen zuzenean, zortzi musikariz osatutako bandarekin. Azpimarratzekoa da Nerea Alberdi biolinista eta Mikel Nuñez Lauzirika piano-joleak egindako lana. Dani Gonzalezek (baxua), Txema Aranak (bateria) eta Natalia Wangek, Ariadna Villatek eta Claudia Díezek -biolina, biola eta txeloa hurrenez hurren- osatu zuten zuzeneko grabazioaren musikari banda.

[ERAKUSKETA] 'Ikimiliklik'

2017/05/26

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |ERAKUSKETA

kimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa  bideo-instalazioa ikusgai egongo da maiatzaren 26tik uztailaren 2ra Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegian. Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa ikus-entzunezko sorkuntza bat da,  azken hamarkadetako euskal sortzaile original eta garrantzitsuenetako bat ezagutzeko helburuz sortutako erakusketa. Ikusleek irudi, musika eta soinu mundu batean murgilduta, haren obra ezagutzeko aukera izango dute.

Joxe Antonio Artze Agirre -Joxan Artze- (Usurbil, 1939) idazle eta musikariak 40 urte baino gehiagotan garatutako lan poetikoan zehar egindako bidaia da  Ikimilikiliklik  bideo-instalazioa.

JA Artze oso ezaguna da herritarren artean Mikel Laboaren abesti ikonikoen letren egilea izateagatik, esaterako,  Txoria txori, Gure Bazterrak edo  Zaude lasai; baita bere anaia Jexuxekin txalapartari gisa aritzeagatik ere. Baina Artzek obra sakona eta gutxi ezagutzen dena ezkutatzen du, artearen hainbat esparrutan garatu duena: poema-liburuak, audio-grabazioak eta ikuskizun eszenikoak. Horien isla izan nahi du bideo-instalazio honek.

[ZINEMA] 'Maitia nun zira'

2017/05/31 19:00

Oihaneder Euskararen Etxea | Gasteiz |IKUS-ENTZUNEZKOA

Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloaren barruan Maitia nun zira dokumentala ikusteko aukera izango dugu maiatzean.

Dokumentala 1915-1918 artean Alemaniako preso-esparruetako 10 euskal presoei egindako grabazioek osatzen dute. Proiekzioarekin batera Elena Canas eta Ainara Menoyo dokumentalaren egileekin solasaldia egingo da. Ikus-entzunezkoan kolaboratzaile ibilitako Maider Bedaxagar eta Maite Deliartek ere hartuko dute parte solasaldian.