Kapilarrak

Arg: C. Crespo.

"Leihoko markoko belar txar ñimiñoetan ibiltzen diren zomorroak auzoko txoriek jaten dituzte"

Zainak gorputzaren zirkulazio-aparatuko hodiak dira, gorputzaren organoetatik bihotzera odola garraiatzen dutenak, eta alderantziz. Metafora gisa erabiltzen da zerbaitek egitura bat elikatzen duela azaltzeko. Adibidez, Eduardo Galeanoren liburu ezagunenak Las venas abiertas de América Latina du izena. Han, Amerikan egon den (eta dagoen) espoliazio prozesuari buruz hitz egiten du, europarrek eta iparramerikarrek zainak nola ireki zizkioten eta lurraldea odolustuta nola utzi zuten.

Joan den egunean, zainen inguruko beste metafora bat entzun nuen. Txoriei buruzko hitzaldi batean hizlariak esan zigun: "Hirira sartzen diren eremu berdeek zainak dirudite". Gasteiz berdeak inguratzen du, eta handik hainbat igarobide sartzen dira, hiriaren bihotzeraino. Zain hauek zuhaitzak dituzte, eta zuhaixkak, eta landareak, lore koloretsuak... eta animalia askoren bizitoki dira, noski. Zientifikoki esanda, bioaniztasun gordailuak dira.

Gu bioaniztasunaren parte bat gara. Esaterako, nire landareek etxeko zuhaitza ukitzen dute. Nire loreekin elikatzen diren erleak ondoko kaleetan bizi dira. Leihoko markoko belar txar ñimiñoetan ibiltzen diren zomorroak auzoko txoriek jaten dituzte. Eta gero txoriek habiak egingo dituzte, eta jaioko diren txoriak janaria izango dira beste animalia batzuentzat, eta bizitzaren gurpila ez da geldituko. Orduan, zainak kapilarrekin bukatzen diren bezala, (eta han funtzio gako bat burutzen da, oxigenoa zeluletara eramaten baita) atsegin dut leihoetan landare bat jartzean ere, gorputz erraldoi eta eder honen kapilarrak bihurtzen garela pentsatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide