EAJrentzat idatzitako txosten bati buruzko azalpenak eskatu dituzte

Erredakzioa 2024ko api. 30a, 10:56

Aldundiari eskatutako txosten juridikoa irakurri zuen Tarragonak. Argazkia: OIONGO UDALA

Azken osoko bilkuran Oiongo EAJk zergen inguruan aurkeztutako txosten juridikoaz galdetu dio EH Bilduk aldundiari.

Gorrebusto eta Labrazako kontzejuek Oiongo udal zergetan duten partaidetzari buruz Arabako Foru Aldundiaren zerbitzu juridikoek egindako txosten bati buruzko galdera idatzia egin du EH Bilduk Batzar Nagusietan.

Joan den apirilaren 17an Oionen izandako azken osoko bilkuran irakurri zuen txosten hori Jose Antonio Tarragona EAJko bozeramaileak. Bilkura horretan zinegotziek eztabaidatu zuten udalak Gorrebusto eta Labrazako kontzejuekin udal zergen inguruan egindako azken akordioa. EH Bilduren eta PPren aldeko botoekin onartu zen hitzarmen hori; EAJ eta PSE kontra azaldu ziren.

Gai polemikoa da udalerrian, Labrazan eraiki asmo duten parke eolikoagatik jaso daitezkeen zergen banaketa tartean dagoelako. Udalak batzar administratiboekin lortutako akordioaren arabera, oraingo eta etorkizuneko zergen %85 batzarrentzat izango dira, eta gainerako %15, udalarentzat. Aerosorgailuen ondorioz jasotako zergei dagokienez, erdia batzar administratiboentzat izango da, eta beste erdia udalarentzat.

Osoko bilkuran EAJk aldundiari eskatutako txostena aipatu zuen, eta kontrako botoa emateko erabili zuen. Zinegotziak irakurritako txostenaren arabera, zerbitzu juridikoek "nahiko irregulartzat" jo dute akordioa, hainbat foru araurekin bateragarria ez delakoan. Tarragonak alkatearen dimisioa eskatu zuen.

Orain EH Bilduk txosten juridiko horren inguruabarrez galdetu dio Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Sailari. Besteak beste, ostiralean erregistratutako galderan alderdiak eskatu du argitzeko ea nork onartu duen txosten hori egitea, zenbat baliabide bideratu diren horretarako eta zergatik ez zioten bidali txostena alkateari.

"Arabako Foru Aldundiaren zerbitzu juridikoen zereginen artean dago oposizioko udal talde batek eskatuta edozein gairi buruz txosten juridikoak egitea?", galdetu du EH Bilduk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide